Egonaldia

Egonaldi-egoera espainiar estatuko lurraldean laurogeita hamar egunetik beherako aldi batez egotea da. Aldi hori iraganda, Espainian jarraitzeko egonaldi-luzapena edo Bizileku-Baimena lortu behar da.

Atzerritarra bisarekin sartu bada mugatik eta hiru hilabetekoa baino denbora laburragokoa bada bisa, gehienez beste 3 hilabete egin arte luza dezake egonaldia.

Bestela, atzerritarra Espainiara bisa barik sartu bada, egonaldia 3 hilabetera arte luza dezake, hori justifikatzen duten aparteko arrazoiak egonez gero.

Luzapena eskatzeko eskari-orri ofiziala bete behar da eta eskaria egiten duen pertsona berak entregatu behar du Polizia Nazionalaren komisariako Atzerritarrentzako bulegoan.

Espainian zehar bidaiatzeko bisa eduki behar duten atzerritarrak ere badira. Hori lortzeko, egonaldirako nahiko baliabideak eta Espainian ostatua badutela egiaztatu beharra dago.

Azken honetarako nahikoa izan daiteke gonbidapen-agiri bat. Gonbidapen-agiria Espainian modu legalean bizi den eta baimen egokia duen atzerritar batek edo espainiar batek eska dezake Polizia Nazionalaren Atzerritzarrentzako Negoziatuan. Horren bidez, gonbidapena egiten zaio atzerritarrari eta ostatua emango zaiola agertu.

Gainera, bisa eskatzen duen pertsonak itzulerako eguna zehaztuta duen joan-etorriko billete itxia aurkeztu beharko du. Itzulerako eguna gehienez baimendutako egonaldi barruan egongo da derrigorrez.

Ikasleak

Soldatarik gabeko ikerketak, prestakuntza-lanak edo ikasketak egin nahi dituzten atzerritarrek ikasle-bisa eduki beharko dute eta hori jatorrizko herrialdean edo, salbuespenez, atzerriko beste herrialde batean eskatu behar da.

Bisatu horrek atzerritarrei aipatu lan edo ikasketak burutzeko egonaldia ahalbidetzen du eta horren iraupena garatuko diren ikasketen iraupenak mugatuko du.

Baldintzen artean, beharrezkoa da ikasketak burutu behar diren ikastetxean onartua izatea eta ikasketak, egonaldia eta jatorrizko herrialdera itzulera ordaintzeko adinako baliabide ekonomikoak bermatuak izatea.

Ikasletzat jotzen da Espainiara soilik ikasketak egitera edo ikerketa lanak egitera edo ordaindu gabeko trebakuntza lantzera datorren atzerritarra, ofizialki onartutako Espainiako edozein ikastetxe edo ikerketa zentro publiko edo pribatutan.

Barne Ministerioak emango duen egonaldi baimenaren iraupena atzerritarra matrikulatuta dagoen ikastaroaren berdina izango da. Baimena urtero luzatuko da baldin eta titularrak hasierako baimena emateko behar diren baldintzak eta ikastetxearen eskakizunak betetzen dituela frogatzen badu; gainera, ikasketak egin direla egiaztatuko da aurretik.

Ikasketekin bateragarriak diren lanak egiteko baimena eskatzeko aukera dago. Hala ere, goi-mailako ikasketak direnean, enplegurako prestakuntza arautua denean edo lanbide batean aritzeko beharrezkoa den profesionaltasun-ziurtagiria edo lanbide-gaikuntza lortzeko denean, ikasketetarako egonaldi-baimenak besteren kontura edo norberaren kontura lan egiteko baimena emango du, berariazko baimenik eskatu beharrik gabe. Lan-jarduerak ezin dira astean 30 ordutik gorakoak izan.

Era berean, ikasketak, prestakuntza edo praktikak probetxuz gainditu badira, lan-baimenera aldatzeko eska daiteke, enplegu-emaile baten lan-eskaintza aurkezten bada.

Bestalde, lana bilatzeko bizileku-baimena eska dezakete ikasketak egiteko egonaldi-baimena izan eta goi-mailako hezkuntzako erakunderen batean amaitu duten pertsonek. Horretarako, baliabide ekonomikoak eta mediku-asegurua egiaztatu behar dituzte. Horrela, 12 hilabeteko egoitza-baimena bakarrik lortu ahal izango dute. Baimen hori egoitza- eta lan-baimena izatera aldatu ahal izango da, baldin eta amaitutako ikasketen mailarekin lotutako enplegu egokia aurkitzen bada edo enpresa-proiektu bati ekiten bazaio.