Getxo artea eta kultura, Turismo
Data: 2023/6/1 - 2023/6/25
Ordutegia:
Tokia: Algortan-GETXON
Hiper-produktibitate garaiak bizi ditugu. Ezer ez egiteak ez du ospe onik, eta bizitzako une guztiek, aisialdiko zein atsedenerako uneek ere, errentagarriak izan behar dute, zerbaitetarako balio behar dute, helbururen bat izan behar dute. Beti prest eta konektatuta, denbora errealean guztiaren berri izan nahi dugu. Pantailetan zein kalean, estimulu etengabeek gure arreta eskatzen dute. Eginkizun anitzek eta abiadurak ezartzen dute erritmoa, gure laneko zereginen zerrendari irakurri gabeko mezuak eta ikusgai dauden serieak gehitzen zaizkio. Eraginkortasunaren menpean bizi gara, guztira iritsi nahi dugu, baina ez dugu ezertara iritsi garen sentsaziorik. Atseden hartzen dugunean ere ez dugu atsedenik hartzen.
Horregatik, Getxophotoren 17. edizioak honako hau esateko bilgunea izan nahi du: nahiko da, stop, ETENA! Mundu azkar honi buruz hausnartzeko eta produktiboak ez izateko dugun eskubidea aldarrikatzeko gunea. Erritmoa jaitsi, astiro, ezin dut, ez dut nahi, esateko aterpea. Zer adierazi nahi du ezer ez egiteak? Zer nolako denbora irabazten dugu denbora galtzen dugula suposatzen denean? Geldotasuna al da luxu berria? Eta zer paper jokatzen dute irudiek honetan? Gelditzea errebeldia ekintza bihurtu da eta Getxophoto 2023an hainbeste behar dugun ETENALDI hori gurekin aldarrikatzera gonbidatu nahi zaitugu.
1976an Bilbon jaioa, María Ptqk ikerketa artistikoan doktorea da EHUn, Zuzenbidean lizentziaduna eta Zientzia Ekonomikoetan graduatua, DEA Nazioarteko Zuzenbide Publikoan Paris II – Sorbonnen, Kultur Kudeaketan Masterra Bartzelonako Unibertsitatean, DEA Kulturaren Zuzenbidean Madrilgo Carlos III Unibertsitatean. Artearen, teknozientziaren eta feminismoen arteko elkarguneetan egiten du lan, eta consonni argitaletxearen aholkularitza-taldeko kide da. Besteak beste, honako hauekin egin du lan: Medialab Prado (Madril), Azkuna Zentroa (Bilbo), Fundación Daniel y Nina Carasso, CCCB (Bartzelona), Jeu de Paume (Paris), La Gaité Lyrique (Paris), GenderArtNet (European Cultural Foundation) edo LABoral (Gijón). Komisariatu dituen erakusketen artean, Soft Power (Amarika Proiektua, 2009), A propósito del Chthuluceno y sus especies compañeras (Espace virtuel du Jeu de Paume, Paris, 2017), Reset Mar Menor. Laboratorio de imaginarios para un paisaje en crisis (CCC Valentzia, 2020), Ciencia fricción. Vida entre especies compañeras (CCCB Bartzelona, 2021 – Asociaciò Catalana de Crítica d´Art Sarietan finalista eta Azkuna Zentroa, Bilbo, 2022) eta Extinción Remota Detectada (LABoral, Gijón, 2022).
Joan GETXOPHOTO Nazioarteko Irudi Jaialdia
Bizkaira joango bazara data horietan eta inguruan ostatu hartzeko toki baten bila bazabiltza, hainbat aukera eskaintzen dizkizugu Getxon, Bilbotik 20 minutura soilik; bertan, euskal kostaldeaz, hondartzaz eta itsas brisaz gozatu ahal izango duzu.