2023/3/24
Astelehenetik, martxoaren 27tik, azaroaren 9ra arte zabalik egongo da GLL, Gizarte Larrialdietarako laguntzak eskatzeko epea, Tokiko Gobernu batzarrak 2023an banaketa arautuko duten irizpideak onartu ondoren. Laguntza horiek gastu arrunt eta ezohikoei aurre egiteko baliabide nahikorik ez duten pertsonentzat dira, gizarte bazterkeriako egoerak prebenitzeko, ekiditeko edo arintzeko dira.
Eusko Jaurlaritzaren eskuduntza dira diru-laguntza horiek, eta aurten Getxo udalerrirako 1.053.007 euro zuzenduko ditu. Urtero bezala, Udalak, beharrezkoa izatekotan, gainontzeko dirua ipiniko du eskaera guztiei erantzuna eman ahal izateko. Udal Gizarte Zerbitzuek laguntzak bideratu, gestionatu eta ordaintzeko ardura dute.
Aurtengorako onartutako berrikuntzen artean, oinarrizko premietarako (elikadura, jantziak eta hezkuntza) jaso beharreko kopurua handitu egin da, 900 eurotik 1.500 eurora; oinarrizko premietarako kontzeptua a (osasunarekin lotutako gastuak, hala nola betaurrekoak, dentista, audifonoak, sikologoak, estimulazio goiztiarra, logopedak eta ileordeak minbiziaren tratamenduan dauden pertsonen kasuan) 1.850 eurora igaro da; adingabeen eskaeretarako ez da bi urteko murrizketarik egongo oinarrizko premien kontzeptuari dagokionez, ezta gizarte-segurantzak estaltzen ez dituen sendagaietarako ere, eta aurkeztu beharreko dokumentazioa jaitsi egingo da, teknikariek datuen bitartekaritza-plataformen bidez kontsultatu ahal izango baitute informazioa, betiere interesdunak horren aurka egiten ez badu.
Carmen Díaz Gizarte Kohesioko zinegotziak deialdi berri honen berritasunak nabarmendu ditu: “900 eurotik 1.500 eurora igo ditugu oinarrizko premietarako laguntzak, eta oinarrizko premietarako jaso beharreko gehieneko zenbatekoa 1.850 eurokoa da. Horrela, Getxoko Udalak izaera sozialeko laguntzen eta diru laguntzen politikaren aldeko apustua egiten jarraitzen du, ekonomia eta pertsona ahulenei laguntzeko. Are gehiago inflazioaren egungo egoeran, horren ondorioz oinarrizko elikagai asko garestitu egin direlako”. Ildo horretan, Diazek dio “Gizarte Kohesioaren alorretik lanean jarraitzen da Getxoko bizilagunen alde eta haientzat, eta, horregatik, eskaera osoari erantzuteko behar diren baliabide ekonomikoak ematen jarraituko dugu. Eskaera horrek emakume aurpegia du gehienbat, bai pentsio oso txikiak dituzten adineko emakumeak, bai ardurapean seme-alabak dituzten emakumeak”.
GLLak ohiko bizilekua edo etxebizitza erabiltzeko eta mantentzeko gastuak ordaintzeko zuzentzen dira, ondoko hauek barne: alokairua, kredituaren amortizazioa eta interesak, etxe-asegurua, EIT-Eraikinen Ikuskaritza Teknikoa, etxearen konponketa eta egokitzapena, eta energia, ura, zaborra eta estolderia, OHZ, galdarak mantentzea, oinarrizko ekipamendua, oinarrizko beharrizanak (elikadura, janzkera, heziketa), Osakidetzak estali gabeko osasun-arreta eta zorpetzea.
Eskaerak eta justifikazioak
Beharrezkoa da aurretiko zita telefonoz eskatzea (dagokion bulegora), ondoren tramiteak egitera aurrez aurre joateko. Aurretiko hitzordua telefonoz eskatzeko zenbakiak dira 944660153 Romo-Areetako Oinarrizko Gizarte Zerbitzurako, 944660101 Algorta-Negurirako, eta 944660130 Getxo-Andra Marirako.
Eskatzaileek aurreko urteotan jasotako GLLen justifikazioak egunean eduki beharko dituzte. Emandako laguntzak justifikatu beharko dira gastuak egiaztatzen dituzten agiriak aurkeztuz. Gastuen justifikazioak aurkezteko epea 2024ko urtarrilaren 31an amaituko da.