2022/11/15
Laboral Kutxa Punta Galea Challenge olatu handien surf-txapelketaren XVI. edizioak, bihar asteartea, azaroak 15, irekiko du itxaronaldia. Era horretan, martxoaren 31ra bitarteko epea izango da baldintza meteorologiko egokiak aurkitzeko nazioarteko proba hau Galeako itsaslabarren aurrean egin ahal izateko. Aurretik, ia bost hilabete; horietan, antolakuntzak zehatz-mehatz aztertuko du Kantauri itsasora hurbiltzen den depresio bakoitza, olaturik onenak eta haizerik egokienak aukeratzeko. Aurreko edizioan bezala, probak 20.500€ banatuko ditu saritan, eta Getxora munduko surflari onenetako asko ekarriko ditu, horien artean, beste behin, emakumezkoak.
Amaia Agirre Getxoko alkateak gogorarazi duenez, “txapelketa modalitateko beteranoena da Europako kontinente osoan".
“Surfak eta Laboral Kutxa Punta Galea Challengek, horren lehiakortasunaren adierazle nagusi gisa, izugarri lagundu digute nazioartean erreferente bilakatzen. Hori guztia dela-eta, aurkezpen honen bitartez, eskertu nahi nuke Getxo Surf klubak eta eragile, babesle eta erakunde guztiek egindako lana, era batera edo bestera urte asko baitaramatzate kirol hau sustatzen”, adierazi du Agirrek.
Bestalde, Laboral Kutxako babesletza eta gizarte-ekintzako lurralde-arduraduna den Jose Ramon Tarancok, alde batetik, lankidetza publiko-pribatuaren garrantzia nabarmendu du, eta, bestetik, bere erakundeak ingurumenarekin duen konpromisoa. “Denok jarri behar dugu gure aldetik, CO2 isuriak gero eta txikiagoak izan daitezen eta itsasoan kirola egiten jarrai dezagun. Niri gustatuko litzaidake 2100ean olatu handiak hemen jarraitzea”, esan du.
Proban parte hartzeko itxaron-zerrendak gora egiten du urtetik urtera, baina berriro 24 surflarik parte hartu ahal izango dute. Aurretiko hautaketan, antolatzaileek honako surflari famatu hauen interesa izan dute: Lucas Chianca brasildarra, Alex Botelho portugaldarra, Nic Lamb estatubatuarra, Grant Twiggy Baker hegoafrikarra (hirutan munduko txapelduna) eta Justine Dupont frantsesa, lesioa dela-eta iaz parte hartzerik izan ez zuena. Zerrenda osatzeko, bertoko 12 surflari izango dira, baina horien behin betiko zerrenda laster emango da ezagutzera; hain zuzen ere, batzorde antolatzaileak eta surflarien kolektiboak berak hautatuko dituzte. Horietako bat, Getxo Surf Taldeko Endika Ruiz, gaurko prentsaurrekoan izan da txapelketan parte hartuko duela baieztatzeko. Berarentzat, egia bihurtutako ametsa da. “Galeakoa betidanik asko gustatu izan zaidan olatua izan da niretzat. Eta olatu handietako nazioarteko surflari onenekin parte hartu ahal izateko aukera eman izana amets betea da niretzat”.
Txapelketaren egunean, Getxo Udalak autobus-zerbitzua eskainiko du beste behin doan, herritarrak Bidezabalgo metro-geltokitik Galearaino eramateko. Galeara hurbildu ezin diren pertsona guztiek zuzenean jarraitu ahal izango dute kirol ekitaldi hau streaming bidez.