Berriak

Hitzarmena Aldundiarekin

2021/10/25

Getxok hitzarmena sinatuko du Aldundiarekin, erakunde horrek hondartzak mantentzeko eta garbitzeko ardura bere gain hartzeko

Ereagan

Udalak, Bizkaiko kostaldeko gainerako udalek bezala, lankidetza-hitzarmen bat sinatuko du Bizkaiko Foru Aldundiarekin, eta, horren bidez, foru-erakundeak bere gain hartuko ditu hareatzak mantentzeko eta garbitzeko lanak, 2022ko urtarrilaren 1etik aurrera. Hitzarmen honen helburua da Aldundiaren eta kostaldeko udalen arteko lankidetza-oinarriak ezartzea, hondartzetan eman beharreko zerbitzuak modu koordinatuan kudeatzeko eta baliabide publikoak erabiltzeko, eremu horien erabilera egoki eta jasangarria lortzeko. Akordioak Getxoko hondartza guztietan izango du eragina (Areeta, Ereaga, Arrigunaga, Azkorri-Gorrondatxe eta Barinatxen), baita La Bola eta Portu Zaharreko hareatzetan ere.

Hondartzen garbiketa eta mantentze zerbitzuan sartuta daude udan hondartzak erabiltzetik sortutako hondakinak bildu eta kudeatzeko lanak, bai eta itsasotik hondartzetara urte osoan eramandakoak (itsas denboraleek sortutakoak ere). Aldundia hondakinak garraiatzeaz eta behar bezala kudeatzeaz arduratuko da, bildutako hondakinak ahalik eta gehien birziklatzeko.

Zerbitzua Aldundiak Getxon ematen zituen beste zerbitzu batzuei gehitzen zaie, hala nola: istripuak prebenitzeko, sorospen eta laguntzarako zerbitzua; lagundutako bainua; altzari desmuntagarriak udan instalatzea eta kentzea; hondartzen erabilera-baldintzei buruzko informazioa ematea; eta erabiltzaileek aurkeztutako zalantza, kexa, erreklamazio eta hobetzeko proposamenei erantzutea.

Udalak, bere aldetik, konpromiso hau hartzen du: hondartza-inguruneak arautzea, hondartzetako polizia eta zaintza zerbitzua eskaintzea, sorospen- eta laguntza-zerbitzurako eraikinak eta instalazioak antolatzea, edateko uraren, saneamenduaren, elektrizitatearen eta komunikazioen hornidura eta eraikin eta instalazio osagarriak kudeatzea erabiltzaileentzat.

Hitzarmenak hiru urteko iraupena izango du.

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +