Berriak

Lehiaketetako sariak banatu dira

2021/06/16

Getxoko 2020ko Aste Berdeko eta Mugikortasun Asteko hiru lehiaketetako sariak banatu dira

Amaia Agirre alkateak 2020ko Getxoko Aste Berdea eta Mugikortasunaren Europako Astea direla eta deitutako hiru lehiaketetako irabazleei sariak eman dizkie gaur, pandemiak eragindako egoeraren ondorioz atzeratu egin baitzen sari banaketa. Lehiaketak, herritar guztiei zuzenduak, Ingurumenaren Arloak sustatu ditu, ingurumenaren zaintza eta garraioaren jasangarritasuna sustatzeko. Amaia Agirrek nabarmendu duenez, "merezitako sariak dira irabazleentzat, Getxo berdeagoa eta ekologikoagoa izaten laguntzen dutelako".

Horrela, Mugikortasunaren Europako Astearen barruan, haurrentzako marrazki-lehiaketa egin zen, "Nola mugitzen zara Getxotik" leloarekin. Txikienak mugikortasun iraunkorraren garrantziaz kontzientziatzeko jarduera izan da. 50 parte-hartzaile baino gehiagoren artean 4 irabazle aukeratu dira: 4 eta 6 urte bitarteko kategorian, Maddi Mardaras (1. saria) eta Maialen Casado (2. saria) neskatoak izan dira sarituak; 7 eta 9 urte bitarteko kategorian, beste bi neskatok jaso dute saria: Haizea de Frutos (1. saria) eta Libe Manzano (2. saria). Horietako bakoitzak eskola-material sorta bat jaso du alkatearen eskutik.

Aste Berdearen barruan, bi lehiaketa antolatu ziren. Argazkigintza lehiaketan, naturako kategorian, lehen saria, 100 eurokoa, José Manuel Echevarríarentzat izan da, eta bigarrena Cristina Ilarduyarentzat, 50 eurokoa. Ingurumen-salaketaren kategorian, Daniel Monteliok irabazi du sari nagusia, 100 euro. 40 argazki baino gehiago aurkeztu ziren lehiaketara, eta Iñigo Sierrak egin zuen aukeraketa, Profesionalen Federazioko argazkilari maisuak.

"Janaria prestatzen, birziklatzen eta natura zaintzen" lehiaketan (errezeta bat egin eta hura nola prestatu zen eta sortutako hondakinen ontziak nola kudeatu ziren azaltzea zen helburua), irabazle bakarra Verónica Rincón izan da, "Kalabazinezko tallarinak izokinarekin eta gazta-saltsa leunarekin" izeneko errezetarekin. Sari gisa, bazkaria/afariaz gozatzeko aukera izango du Getxoko jatetxe batean

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +