2022/9/13
Udako geldialdiaren ondoren, Getxoko Zurrumurrurik Ez Estrategiak bere jarduerari ekin dio berriro, eta abian jartzen ari den ikasturteari begira eduki eta proposamen berriez beteta itzuli da. Antolaturiko programaren barruan, irailaren 15ean, talde eragilea bilduko da martxan jarriko diren ekintzak planifikatzeko, joan den ekainean egin zen Zurrumurruen aurkako Getxoko III. Topaketaren ondorioak jaso ondoren. Bilera 18: 00etan hasiko da Romoko Kultur Etxean, eta zurrumurruen aurkako eragileentzako eta estrategiari lotutako erakundeentzat dago zabalik.
Ondoren, urriaren 4an, Adriana Boho sormen sortzaile digital, telebistako estilista eta moda-influencerrak Ponte en mi piel izenburuko liburua aurkeztuko du, bere esperientzia pertsonalarekin batera. Aurkezpena 18:00etan hasiko da Getxo Elkartegian. Bertaratu nahi duten pertsonek izena eman beharko dute aurretik antirrumores@getxo.eus helbide elektronikoan. Gainera, udalerriko ikastetxeei eskaini zaie DBHko 3. eta 4. mailako ikasleentzat hitzaldi bat antolatzeko aukera aipatutako influencer-arekin, harrera ona duelako gazteen artean.
Carmen Díaz Gizarte Kohesioko zinegotziak azaldu duenez, “ikasturte berria jarduerekin jarriko da martxan eta horien bidez, Estrategiak beste jatorri nazional eta/edo kulturala duten pertsonei buruzko zurrumurru faltsuekin amaitzeko egiten duen lan garrantzitsuari balioa eman nahi diogu”. Ildo horretan, zinegotziak gaineratu du “sentsibilizatu eta pentsamendu kritikoa sustatu behar dugu gure gizartean estereotipoek eta aurreiritziek eragiten dituzten jarrera negatiboei buruz, zalantzan jarriz dibertsitateari buruzko kontakizun negatiboak”.