Mailak
Getxoko Udal Euskaltegiak bost zatitan du banaturik euskara ikasteko prozesua, 1. urratsetik 12. urratsera.
Mailak
Lehenengoa, Onarrizko Maila (OM), 1. urratsetik 3.urratsera bitartekoa da eta, gutxienez, 300 ordu irauten du.
Europako erreferentzia markoaren arabera, A1 maila da, eta behin amaiturik, ikasleak gai izan behar luke bizitzan sarrien erabiltzen diren esapideak ulertu eta erabiltzeko. Mintzamenari dagokionez, berehala-berehalako beharrak asetzeko esaldiak osatzeko gai izan behar luke. Oro har, bere buruaren eta besteren aurkezpena egiten jakin behar luke, baita ezagutzen duen jendeari buruzko oinarrizko informazio pertsonala ematen eta eskatzen ere. Oinarrizko harremanak eduki ditzake, baldin eta solaskideak astiro eta garbi berba egiten badio eta laguntzeko prest badago.
Bigarrena, Bitarteko Maila (BM), 4. urratsetik 6. urratsera bitartekoa da, eta, gutxienez, 300 ordu irauten du.
Europako erreferentzia markoaren arabera, A2 maila da, eta, behin amaiturik, ikasleak gai izan behar luke bereziki esanguratsuak dituen esperientzia-esparruekin lotutako esaldiak eta esapideak ulertzeko, eguneroko bizitzakoak badira. Badaki egoera arruntetan komunikatzen, baldin eta ezagunak edo ohikoak dituen gaiei buruzko informazio-truke erraza eta zuzena bakarrik eskatzen badute. Horretaz gain, jakin behar luke bere iraganaz eta inguruneaz deskribapen errazak egiten, baita berehalako beharrizanen inguruko deskribapenak egiten ere.
Bi mailok HABEko Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikuluari (HEOK) dagokion 1. maila osatzen dute. Ikaslea 6. urratsa euskaltegian gainditzea lortzen badu, HABEko 1.mailako euskara-ziurtagiria eskuratzeko azterketan aurkeztu ahal izango da. IVAP-eko 1.HE eskakizunari dagokio.
Hirugarrena, Maila Aurreratua (MA), 7. urratsetik 9.urratsera bitartekoa da, eta, gutxienez, 300 ordu irauten du.
Europako erreferentzia markoaren arabera, B2 maila da eta behin amaiturik, ikasleak gai izan behar luke hizkuntza estandarrean idatzitako testuen puntu nagusiak ulertzeko, gai ezagunei buruzkoak badira, lanaren, ikasketen eta aisialdiaren eremuetan. Jakin behar luke sor daitezkeen egoera gehienetan moldatzen. Gai ezagun edo interes pertsonalen inguruko testu soilak eta koherenteak osa litzake. Esperientzien, gertaeren, nahien eta asmoen berri emateko gai izan behar luke eta, era berean, gai izan behar luke bere iritziak labur-labur arrazoitzeko edo asmoa azaltzeko.
Maila Aurreratuak HABEko Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikuluari (HEOK) dagokion 2. maila osatzen du.
Ikaslea 9. urratsa euskaltegian gainditzea lortzen badu, HABEko 2. mailako euskara-ziurtagiria eskuratzeko azterketan aurkeztu ahal izango da. IVAP-eko 2.HE eskakizunari dagokio.
Laugarrena, Sakontze Maila (SM), bi alditan banaturik dago:
- Bata, 10. urratsetik 11. urratsera bitartekoa da ,eta, gutxienez, 200 ordu irauten du. Europako erreferentzia markoaren arabera, C1 maila da ,eta behin amaiturik, ikasleak gai izan behar luke gai zehatzei zein abstraktuei buruz diharduten testu konplexuetako ideia nagusiak ulertzeko, baita bere espezialitatearen arloko testu teknikoak ere. Jatorrizko hiztunekin egin lezake berba, jariotasunez eta naturaltasunez, solaskide biek elkarri ulertzeko ahalegin handirik egin gabe. Testu argiak eta xeheak sor litzake gai askori buruz, eta gai izan behar luke, era berean, gai orokorren gaineko ikuspegi jakin baten alde egiteko, aukera bakoitzaren aldeko eta kontrako argudioak emanez.
- Bestea, 12. urratsari dagokio eta, gutxienez, 100 ordu irauten du. Europako erreferentzia markoaren arabera, C1 maila da, eta behin amaiturik, ikasleak gai izan behar luke era askotako testu luzeak irakurri eta eskakizun-mailari erantzuteko, eta, era berean, gai izan behar luke, testu horietan esanahi mamitsuei antzemateko. Halaber, jakin behar luke jariotasunez eta bat-batean gauzak adierazten, esapide egokia aurkitzeko ahalegin handia egiten ari dela igartzen ez zaiola. Hizkuntza malgutasunez eta eraginkortasunez erabil lezake, helburu sozial, akademiko eta profesionalekin. Testu argiak, ondo egituratuak eta xeheak ekoizteko gai izan behar luke, baita gai konplexuei buruzkoak ere, testuaren antolaketa-, artikulazio- eta koherentzia-mekanismoak zuzen erabiliz.
Sakontze Mailak HABEko Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikuluari (HEOK) dagokion 3. maila osatzen du. Ikaslea 12. urratsa euskaltegian gainditzea lortzen badu, HABEko 3. mailako euskara-ziurtagiria eskuratzeko azterketan aurkeztu ahal izango da. 12. urratsa gainditutzat jotzeko ikasleak 3 idazlan egin beharko ditu urratsaren amaieran eta, gutxienez, bi gainditu. IVAP-eko 3.HE eskakizunari dagokio. Ikaslea Hezkuntza sailak antolatzen duen EGA agiria eskuratzeko azterketan ere aurkeztu ahal izango da.
Ohiko maila horietaz gain, Getxoko Udal Euskaltegiak 4. maila ere eskaintzen du, HABEko Helduen Euskalduntzearen Oinarrizko Kurrikuluari (HEOK) dagokion 4. maila osatzen duena. hain zuzen ere, gutxienez, 300 ordu irauten du. Europako erreferentzia markoaren arabera, C2 maila da, eta behin amaiturik, ikasleak gai izan behar luke irakurtzen edo entzuten duen ia guztia erraz ulertzeko. Halaber, jakin behar luke idatzizko nahiz ahozko hainbat iturritatik datorren informazioa eta argudioak berreraikitzen, eta era koherentean eta labur adierazten. Jakin behar luke bat-batean, jariotasun handiz eta zehaztasunez gauzak adierazten, eta esanahiaren ñabardura txikiak bereizten, baita konplexutasun handiko egoeretan ere. IVAP-eko 4.HE eskakizunari dagokio.
Euskaltegi
Getxoko Udal Euskaltegia
Santa Eugenia plaza
(Romo Kultur Etxea - 4. solairua) Getxo
Telefonoa: 94 464 65 02
Posta elektronikoa: euskaltegi@getxo.eus
Ordutegia: irailaren 15era arte: 08.30-14.00
irailaren 16tik aurrera: 08.30-17.00 astelehenetik ostegunera eta 08.30-14.00 ostiraletan