2021/12/20
Getxoko Udalak SolidaridUP proiektua sustatzen duen hitzarmena berritu du Zabalketa GKErekin. Horren bidez, ekimenak 25.000€-ko diru-laguntza izango du, udalerrian elkartasunaren balioa indartzeko, merkatariek, GGKEek eta hirugarren sektoreko elkarteek osatutako sare baten bidez. “SolidaridUP Getxoko proiektu komunitario handi bat bihurtu da, non tokiko eragile askok parte hartzen duten, saltokiak barne. Proiektu horren bidez sarean lan egiten da, dauden ekimen solidarioak indartzen dira eta berriak sortuko dira, udalerriko biztanleria ahulenaren harrera eta gizarteratzea hobetzera bideratuak. Herritarrak gizarte-eraldaketarako lankidetzaren eta hezkuntzaren arloan sentsibilizatzea ere lortzen da”, Carmen Díaz Gizarte Kohesioko zinegotziak azaldu duenez.
Gainerakoen artean, jardueren berri emango da eta sare sozialetan informazioa bultzatuko da; Zurrumurrurik Ez Estrategiarekin eta Getxo Kirolekin batera lan egiteaz gain.
Une honetan, 70 bat saltoki, sei elkarte eta bederatzi GGKE daude 2015ean abian jarritako proiektuaren elkartasun-sarean. 36 ekimen solidario garatzen ari dira, horien artean, zain dagoen kafea (egoera ekonomiko zaila pasatzen ari den pertsonarentzat kafe bat ordainduta uztea), moda/estilismo tailerra (modari eta estilismoari buruzko saioak, autoestimua hobetzeko eta sektore horretan oinarrizko ezagutzak emateko helburuarekin), taldeko terapiak (alde afektibo-emozionala zaintzeko Sortarazi erakundera joaten ari diren emakumeentzat), kopia/eskaneatze solidarioak (fotokopien eta eskaneatuen zerbitzua, bereziki lan bila ari diren eta CVrako behar duten pertsonentzat), zinema solidarioa (zinema bikoitzeko doako sarrera bat), josteko tailer solidarioak (ahultasun-egoeran dauden pertsonak ikastaro oso batean parte hartu ahal izango dute), eta ikusmen solidarioa (ikusmenaren doako berrikuspena eta erosketa-deskontuak behar dutenentzat).