Udalerrietako gobernua eta administrazioa Alkate, Alkatesa eta Zinegotziez osatutako Udalari dagozkio. Zinegotziak hautespen unibertsal, berdin, aske, zuzen eta sekretu bidez aukeratzen dituzte eta Alkatea zein Alkatesa Zinegotziek eurek edota udalerriko biztanleek aukeratuko dituzte.

  • Alkatea edo Alkatesa, Alkateordeak eta Osoko Bilkura Udal guztietan izango dira.
  • Udal Gobernuko Batzarra 5.000 milatik gorako eskubidedun biztanleria duten Udaletan eta txikiagoetan ere izango da, besteak beste, kasuan kasuko Udalaren araudi organikoak xedatzen duenean edota Udalaren Osoko Bilkurak horrela erabakitzen duenean.
  • Arestian aipatutakoen gainerako organo osagarriak udalek ezarri eta araupetuko dituzte euren araudi organikoetan.

1978ko Konstituzioak ezarri zuen udalerriek autonomia osoa zutela euren interesen kudeaketarako; era berean, autonomiaren berme gisa, toki ogasunek Legeak toki Korporazioei eratxikitzen dizkien betekizunak bideratzeko nahikoa baliabide izan behar dituztela ezartzen du.

Nolanahi ere, udal eskumenen zehaztapenean bi irizpide izaten dira:

  • Espezialitatea: udalerriak legeak doi-doi zerrendatutako helburuak baino ez ditu beteko
  • Orokortasuna: udalerriak bere biztanleriari zuzenean edo zeharka eragiten dion guztira zabal dezake jarduketa eremua.

Ildo beretik, zerbitzu publikoak zuzenean edo zeharka kudea daitezke:

Kudeaketa zuzena: agintaritzaren egikaritza beharrezkoa den kasuetan; edozelan ere, ondokoak bereiztu behar dira:

  • Erakundearen beraren kudeaketa.
  • UToki erakunde autonomiaduna: 
    Ongintza, kultura edota ekonomia arloko betekizunen garapen egokiak eskatzen duenean. Horrela, Getxoko Udalak nortasun juridiko osoa duten Autonomiadun zenbait Erakunde sortu ditu ondare berezia atxikiz eta haien kudeaketarako norberaren estatutuak emanez: Kultur Etxea, Getxo Kirolak, Andres Isasi Musika Eskola eta Jesusen Bihotza Udal Egoitza.
  • Kapital soziala oso-osorik toki erakundearena den Merkataritzako Sozietatea

Zeharkako kudeaketa: Emakidak berebiziko garrantzia izango du, izan ere, horren bitartez Udalak norbanako bati edo beste Administrazio Publiko bati aginduko dio haren titulartasuneko zerbitzu publiko baten ezarpena eta garapena. Horiek horrela, Getxoko Udalak emakidaren formula bidez kudeatzen ditu, besteak beste, zabor bilketa eta kaleen garbiketa.

Beste alde batetik, Legeak nahitaezko zerbitzugintza zenbait udalerri elkartuz bideratzeko aukera ezartzen du: "toki erakundeek interes erkideetarako partzuergoak era ditzakete beste Administrazio publiko batzuekin edota Administrazio Publikoetako helburuekin lehiakide diren interes publikoko helburuak dituzten irabazi nahirik gabeko Erakunde pribatuekin."

Horren ildotik, Getxon edateko uraren etxez etxeko hornikuntza Ur Partzuergoaren bitartez kudeatzen da.

Egin-eginean ere, Toki Araubidearen Oinarriak araupetzen dituen Legearen arabera, udalerri batek bere auzo-erkidegoaren beharrizanak asebetetzeko egokiak iruditzen zaizkion jarduerak eta zerbitzugintza bidera ditzake.

Edozein modutan ere, udalerriak honako zerbitzuak emango ditu:

  • Udalerri guztietan: herriko argiak, hilerria, zabor bilketa, kaleen garbiketa, edateko uraren etxez etxeko hornikuntza, estoldak, hiriguneetara sarbidea, herriko bideen zolaketa eta elikagai eta edatekoen kontrola.
  • 5.000 biztanletik gorako udalerrietan: parke publikoa, udal liburutegia, azoka eta zaborren tratamendua.
  • 20.000 biztanletik gorako udalerrietan: Herri Babesa, gizarte zerbitzuak, suteen aurreneurri eta su itzaltzea eta erabilera publikoko kirol instalazioak.
  • 50.000 biztanletik gorako udalerrietan: bidaiarien hiri garraio kolektiboa eta ingurugiroaren babesa.

(Kontuan izan behar da Getxoko Udalerriak 84.000 mila biztanle dituela).

Hori guztia aintzat hartuta, kudeaketa publikoa eraginkorragoa izan dadin eta kudeaketa horretan hiritarren partaidetza handiagoa izan dadin, Estatuaren eta Autonomia Erkidegoetako Administrazioek zenbait eskumen eskuorde ditzakete Udalerrietan baina, beti ere, parametro jakinen arabera eta Legearekin bat etorriz. Hala eta guztiz ere, Udalerriek jarduera osagarriak egin ahal izango dituzte hezkuntzari, kulturari, emakumearen sustapenari, etxebizitzari, osasunari eta ingurugiroaren babesari dagokienez.

Jardueren eta ondasunen interesen erregistroa

Udaleko idazkari nagusiak udaleko alkatearen eta zinegotzien jardueren eta ondasunen interesen erregistroak eramateko nahiz zaintzeko ardura du, beren-beregi laga zaiolako ardura hori.

Bateraezintasun-kausei buruz egindako adierazpenak jasotzen dira erregistro horietan, baita diru-sarrerak ematen dizkien edo eman ahal dizkien edozein jarduerari eta ondare-ondasunei buruzko adierazpenak ere. Tokiko araubidearen oinarriei buruzko Legeak ezartzen duen bezala, erregistro horiek izaera publikokoak dira.