2022/5/24
Getxoko kaleak girotuko dituzte irailaren 16tik 18ra bitartean
Getxoko Folk Jaialdiaren 38. edizioak zenbait kalejira hartuko ditu, trikitixa, txistu eta alboka taldeen eskutik. Uztailaren 4ko 14:00ak arte, parte hartu nahi duten talde guztiek eskabideak aurkez ditzakete.
Ekimen horren helburua euskal musika tradizionala bultzatzea da eta jaialdian zehar kalean jotzea sustatuko da. Horretarako, guztira hogeita hamar proposamen hautatuko dira eta aukeratutako bandek irailaren 16tik 18ra parte hartuko dute.
Deialdia aipatutako musika-tresnak erabiltzen dituzten musikari eta musika-talde profesional zein amateurrei zuzenduta dago, betiere errepertorioan pieza tradizionalak edo herrikoiak badituzte. 18 urtetik gorako edozein pertsonak parte hartu ahal izango du, eta talde bakoitzak gutxienez bi kide izan beharko ditu.
Hautatutako proposamen bakoitzerako 300 euro bideratuko dira. Deialdiaren oinarriak dagoeneko eskura daude honako webgune honetan: www.getxo.eus/kulturadeialdiak.