2022/6/29
Euskarazko lan eskaera eta eskaintzak bideratzen dituen BEHARSAREAren webgunea (www.beharsarea.eus ) berritu da, harremanak errazteko. Getxoko Udalak eta Egizu Euskara elkarteak abian jarritako ekimena egun Bizkaiko sei udalek (Getxo, Basauri, Erandio, Galdakao, Portugalete eta Urduña) eta Durangaldeako Mankomunitateak sustatzen dute, Alkarbide, Bizkaiko euskara zerbitzuen bilgunearen laguntzarekin.
BEHARSAREA euskarazko lana bideratzeko Interneteko ataria da, doakoa eta euskaraz egiten den lana eskaini eta eskatzeko tresna erraza eta eraginkorra. Erabiltzaileek bi baldintza baino ez dituzte bete behar: lan-baldintza duinak eskaintzea eta lana euskaraz egitea. Udalerri bakoitzak bere gunea dauka atarian, eta bakoitzaren gunera sartzean, jada argitaratuta dauden iragarkiak ikus daitezke edo berriak sortu. “Zerbitzu honekin euskaraz egiten duten tabernari, dendari, ume zaintzaile, begirale, eta bestelako lanen eskaerari erantzuna ematera lagundu nahi dugu. Hau da, norbaitek lana euskaraz egiteko jendea behar badu, edota euskalduna bada eta lana bilatzen badu, BEHARSAREAra jo dezake”, azaldu du Irantzu Uriarte, Euskara zinegotziak.
Berrikuntzen artean, Getxoko atalean ostalaritzan lan egiteko eskaintzak sartu dira eta alerta sistema bat txertatuta dauka (goian eskumaldean) zuzenean harpidetza egiteko eta bakoitzaren interesaren araberako mezuak jasotzeko. Honez gain, Erabiltzeko gida atalean laguntza bideoak txertatu dira norbaitek funtzionamenduari buruzko zalantzarik izanez gero argitu ahal izateko.
Lanak sei kategoriatan sailkatuta egon arren (zaintzaileak, begiraleak, merkataritza, ostalaritza, eskola laguntza eta bestelakoak), lan-mota guztiak bideratzeko balio du BEHARSAREAk. Ildo horretatik, lan partzialak zein lan profesionalak eskaini eta eska daitezke zerbitzuaren bidez.
Getxon, webgunea azken lau urteotan 574 iragarki izan dira, horietatik 179 lan eskaintza. Guztira, 98.600 bisita izan dituzte iragarki horiek guztiek.