Literatura eta poesia
Data: 2023/2/9 - 2023/2/9
Ordutegia: 19:00
Tokia: Romo Kultur Etxea (RKE)
GETXOKO IZEN HANDIAK
“Elías Amézaga: Dorretxeko idazlea” dokumentalaren emanaldiarekin hasiko da “Getxoko Izen Handiak” zikloa, gure udalerriko kulturako pertsona garrantzitsuak ardatz dituen saila, hain zuzen ere.
Proiekzioa, hizketaldia eta Getxoko Liburutegien eskutik idazlearen zenbait liburuen erakustokia.
Sarrera dohainik, edukiera bete arte.
Dokumentala: https://www.youtube.com/watch?v=ukahpXt8rp8
ELÍAS AMÉZAGA
Elías Amézaga Bilbon jaio zen 1921ean, Juan Crisóstomo de Arriaga konpositorearekin lotutako familia baten baitan. Bilboko Merkataritza Eskolan eta Deustuko Unibertsitatean ikasi zuen, eta zuzenbidean lizentziatu zen Oviedoko Unibertsitatean. Ez zuen inoiz lanbide hori jarraitu, letren munduan aritu baitzen buru-belarri, eta ia genero guztiak hartzen zituen esparru horretan: dramaturgia, saiakera, eleberria, biografia, kronika eta kazetaritza-artikuluak, besteak beste.
Bere lanetan -horietako asko Getxoko dorretxean idatzita- ez zion gai bati ere uko egin, eta beti erakutsi zuen interes handia gai eta pertsonaia eztabaidagarriekiko. Jarrera horren ondorioz, 25 urte baino gehiago ikerketan eman ondoren argitaratu zen lan erraldoi bati ekin zion: «Euskal Egileak» (1984-1996). Bio-bibliografia zehatz horretan 12.000 autore baino gehiagori buruz idazten du. Lan horren handitasunak euskal idazleei buruz gehien idatzi duen egilea bihurtu zuen.
Azpimarratzekoa da, halaber, zenbait egunkaritan literatur kolaboratzaile izan zela. Besteak beste, Hierro, La Voz de Asturias, Deia, La Gaceta del Norte, El Diario Vasco, La Hoja del Lunes de Bilbao, El Correo, Diario 16, Egin, El Mundo del País Vasco eta El Periódico de Álava egunkarietan argitaratu ziren bere artikuluak.
2008. urtean Getxon hil zen Amezaga, 62 liburu, 35 obra kolektibo, 19 antzezlan, 10 itzulpen eta egokitzapen, 100 hitzaurre, 200 hitzaldi eta txosten, 700 artikulu eta 1.000 erreferentzia eta ekarpen biltzen dituen lan amaigabea utzita. 2005ean Manuel Lekuona Saria jaso zuen.