Berriak

Habanera eta Itsas-Abesti jaialdia

2019/09/10

Habaneras

Habanerak eta itsas doinuak izango dira protagonista nagusi Getxon ostiralean hasita. Irailaren 13tik 15era 33. Habanera Jaialdia ospatuko da Muxikebarri zentroko Ereaga aretoan eta bertan Peix Fregit eta Mestre D’Aixa taldeak eta Itxartu eta Ondarreta abesbatzak arituko dira. Saioak 19:30ean izango dira eta sarrerak eta abonamenduak salgai daude Algortako eta Romoko Kultur Etxeetan eta Kutxabanken salmenta sarearen bitartez.

Peix Fregit taldeak zabalduko du jaialdia ostiralean, hilak 13. Osaketa klasikoa duen habanera hirukotea da: ahotsa, gitarra eta akordeoia. 1974. urtean sortu zen Palafrugellen (Girona) eta ordutik hona hainbat saio eskaini ditu Espainian zein atzerrian eta habanera jaialdi eta cantada garrantzitsuenetan parte hartu du. 15 disko baino gehiago grabatu dituzte eta horietako azkena "Tal com sona" du izena.

Larunbatean, Mestre D’Aixa jardungo da. 1981. urtean Vilassar de Mar-en auzo-jai baten ondorioz sortutako taldea, garatuz joan da gaur egun duen profesionalizazio maila izateraino. Azkeneko urte hauetan taldearen egituran aldaketak izan diren arren, oinarrizko osaketa mantendu izan da, ahots mistoek, akordeoia, gitarrak eta perkusio elementuez osatua. Taldearen berezko estiloak habanera eta itsas-erritmoak kanta herrikoi eta tradizionalekin konbinatzen du, eta aldi berean bide berriak uztartzen ditu konposizio propioekin eta katalanez abestutako musika pieza ezagunen moldaketekin.

Azkenik, igandean, hilak 15, jaialdia amaituko da saio bikoitza eskainita. Horretan bertoko bi talde ariko dira, ahots mistoen Itxartu eta Ondarreta abesbatzak, Jesús Antruejok eta Iñaki Morenok zuzenduta, hurrenez hurren. Biek erakutsiko dute zein ondo moldatzen diren itsas doinuak abesten eta zer nolako errotze indartsua duten kanta horiek gure herrian.

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +