Andrés Isasi

Andrés Isasi

Andres Isasi Linares Bilbon jaio zen 1890ean. Oso gaztetatik azaldu zuen musikarako zuen dohain berezia, oraindik irakurtzen eta idazten apenas zekien garaian pianoan obrak konposatu eta interpretatuz.

1908an, lehen aldiz, Bilboko Elkarte Filarmonikoaren kontzertu aretoan aurkeztu zituen berak konposatutako obra batzuk. Urte horretan bertan, Lazcano y Mar etxeak konpositore honen bost lan argitaratu eta bi "Isasi Kontzertu" antolatu zituen. Kontzertu horietan, Isasik bere dohainak erakutsi zituen, ez bakarrik konpositore gisa, baizik piano-jotzaile gisa ere bai.

1909an, Batxillergoa amaitu ondoren, Berlinera joan zen bere konposizio eta piano ikasketak osatzera (Bilbon Unceta irakaslearekin hasitako ikasketak). Alemaniako hiriburuan egon zen bitartean (1909-1914), E.Humperdincken ikasle gogokoenetariko bat izan zen bertan, Isasik asko konposatu zuen. Urte haietan konposatuak dira bere "Poema Sinfonikoak", orkestrarentzako "Suite" bat, "Kuarteto" bat, eta "Lieder"en album bat (H. Heine poeta alemaniarraren testuen inguruan eginiko hamalau liederrez osatutako bilduma). Alemaniar entzuleek oso gogo onez hartu zituzten bere obrak eta kritikariek maisu gaztea "talentu handiko konpositorea eta orkestazioari buruzko ezohiko jakinduria duena" zela esaten zuten.

1914an, Isasik, bere konposizioen arrakastak bultzatuta, bere "Zharufa" obra Malmöko (Suedia) Poema Sinfonikoen Nazioarteko Lehiaketara bidali eta bigarren saria eskuratu zuen. 1914an, Alemaniatik itzuli ondoren, Algortara joan zen bizitzera, eta bertan bizi izan zen orduz geroztik buru-belarri konposizioan sartuta. Urte horietan zehar, bere obrak Europako hainbat tokitan interpretatu ziren (Berlinen, Stockholmen, Bilbon, Madrilen...). Bere garaipenik handiena 1930ean Budapesten bere "Angelus"obra estreinatu zutenekoa izan zen, agian, erradiatua izan eta izugarrizko arrakasta lortu baitzuen.

Andres Isasi Algortan hil zen, 1940an, eta ondasun artistiko garrantzitsua utzi zigun. Zorionez, gaur egun ondasun horren zati handi bat gordetzen dugu, Javier Solaunek obra guztia batera eta esku onetan uzteko egin zuen ahaleginari esker.

1986an Andres Isasiren oinordeko familiak Kontserbatorioari eman zion Steinway piano buztan-motza, konpositorearekin hainbeste ordu egin zituen pianoa. Gaur egun, Liburutegia-Fonotekako gordetegian jasoa dago Andres Isasi konpositorearen obra. Obra hau Javier de Solaunek, gordetegiko langileak, jaso eta ordenatu zuen eta 1993an liburutegiaren esku utzi zuen, hobeto kontrolatu eta katalogatzeko. Gaur egun, obra hori katalogatzen ari dira Getxoko "Andres Isasi" kontserbatorioko liburutegian, ondoren, behin betiko, ERESBIL Euskal Konpositoreen artxibategian gordeko da.

1988. urtean, Getxoko Udalak, Kontserbatorioko Batzar Zuzentzaileak hala proposatuta, "Andres Isasi" Getxoko Udal Kontserbatorioa izena erabiltzea proposatu zuen. Musika ikasketen erreforma ezarri ondoren, zentroaren izen ofiziala Getxoko "Andres Isasi Musika Eskola" izatera pasatu zen.

1999. urtean, Joseba Arregi Musika Eskolako lehendakari jaunak eta Javier de Solaun jaunak Andres Isasiren obra emateko hitzarmena sinatu zuten.

Andrés Isasi. 125 urte jaio eta 75 zendu zela

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +