Berriak

Kanpaina berria

2019/03/20

“Kaleak kakanahasteak zigorra dakar. Jokatu erantzukizunez”, txakurren gorozkiak jasotzeko kontzientziazio kanpaina berriaren goiburua

“Kaleak kakanahasteak zigorra dakar. Jokatu erantzukizunez” goiburupean, Udaleko Ingurumen Sailak gune publikoetan utzitako txakurren gorozkiek eragindako arazoei buruzko kontzientziazio kanpaina abiarazi du. Getxon ia 8.000 txakur daude erroldatuta eta egunero 2.900 kg hondakin baino gehiago sortzen dituzte. Izan ere, gune publikoetan utzitako txakurren gorozkiak osasun publikoko arazo larria bilakatu dira azken urteotan. Gaixotasunak kutsatu ez ezik, hiritarren segurtasun fisikoa arriskuan jartzen dute, erorikoak eta irristaketak eragin ahal dituztelako. Halaber, garbitzaileek eta lorezainek prestatutako zerbitzuaren kalitatea zaildu, euren lana desatsegin bihurtu eta Getxoko izena kaltetzen dute gorozkiek. Zabaldu nahi den mezua, honako hau da: maskotaren gorozkiak jasotzea eta edukiontzi edo paperontzietara botatzea haren jabearen eginkizuna da.

Kanpaina, nagusiki, txakurren jabeei –arriskutsuak izan daitezkeen txakurren jabeak barne- gutun pertsonalizatu bana bidaltzean datza. Idazkian, betebeharreko erantzukizun orokorrak (mikrotxip baten bidez identifikatuta izatea, gune publikoetan paseatzeko uhalarekin eramatea…) aipatzen dira eta indarrean agoen arauak ez betetzeak dakartzan zehapenen berri ematen da. 900 eurora artekoak izan daitezke isunak gorozkiak espaloi zein lorategietan jaso barik uzteagatik. 

Kanpainak eragin handiagoa izan dezan, udalerriko bi metro-irteera nagusietan, Algorta eta Areetan, ikusgai egongo da kanpaina hiru hilabeteetan zehar. Halaber, kartelak ipiniko dira jende asko ibiltzen den parkeetako zuhaitzetan eta, hori guztiaz gain, publizitate-euskarri gisa erabiliko dira udalerrian birziklatzeko dauden bateria eta pilentzako 19 edukiontziak.

Gorozkiak jasotzeko poltsa-banagailua oparituko da

Kanpainaren beste alde aipagarrienetako bat da erantzukizunez jokatu izana eskertzeko poltsen-banagailua oparituko dela. Horretarako, kanpina honekin bat egin duten establezimenduetan –saltoki horiek identifikatzeko ikur bat diseinatu da, agerian edukiko dutena- poltsen-banagailua eskuratzeko aukera izango da, txakurren gorozkiak errazago jaso ahal izateko. “Jaso bere kaka” inskripzioa daraman ikurraren agerikotasuna handitzeko, pegatinak ipiniko dira paperontzietan eta biniloak kaleetan, lurrean, bereziki gune kaltetuenetan.

Halaber, Ingurumen Sailak txakurren jabeen laguntza eskatuko du errolda eguneratuta mantentzeko. Gogorarazten da maskotaren datuak erroldatuta ez izanak 300 eurora arteko isuna ekar lezakeela. Edozein arazo izanez gero edo animaliaren jabea jada ez denari, mesedez jakinaraztea eskatzen zaio, 94 466 01 91 telefonoan edo ingurugiroa@getxo.eus helbidean.

Azkenik, txakurrak lotu gabe baina kontrolpean paseatzera ateratzeko Getxok dituen bost aisia-guneak eta horretarako ezarritako ordutegia gogorarazten dira kanpainan (arriskutsuak izan daitezkeen txakurrak muturrekoa eta 2 metroko gehienezko luzera duen eta hedagarria ez den uhala eraman beharko du). Aisialdi-guneak, honako hauek dira: Evaristo Txurruka kaia eta Areetako hondartza; Ereaga hondartza eta Portu Zaharreko zelaigunea; Arrigunaga hondartza; Galeako bidea (Aixerrotatik Sopelako mugaraino); eta Gobela ibaiaren ondoko pasealekua (Gobeloki La Avanzada errepidetik Lexarretaraino) eta makaletako etorbidea (Lexarretatik Salsidu etorbideraino). Hondartzak ezin dira uda sasoian, maiatzetik irailera bitartean, aisia-gune gisa erabili.

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +