Berriak

Ingurumen Aretoa

2019/02/01

3.500 lagun baino gehiagok bisitatu zuten iaz Larrañazubiko Ingurumen Aretoa

Eskola-programa da, irakasleek oso ondo baloratzen dutena, harrera onena izan duena

Getxoko Ingurumen Aretoak 3.500 lagunen bisita jaso zuen 2018an, urtean zehar udal ekipamendu honek antolatzen dituen programa eta jarduera ugarietan parte hartu eta horiekin gozatzeko. Larrañazubi auzoan, Bolueko Hezegunetik gertu eta zabortegi zaharretik metro apur batzuetara, zaharberritutako baserriak bi urteko ibilbidea beteko du laster, 2017ko martxoan ateak berriz zabaldu ondoren. Bere helburu nagusiak Ingurumen sentsibilizazioa eta gure inguruaren garapen iraunkorra dira, bertako berezko baliabideen bitartez lortu nahi direnak.

Ingurumen Arloak emandako datuen arabera, eskola-programa izan da Aretora jende gehien erakarri duena: 2.500 ikasle baino gehiago izan dira 2018 urtean zehar zentroak antolatutako hezkuntza-egitarauetan eta tailerretan parte hartu dutenak. Egitarau eta jarduera horien helburua izan da gure ingurunea hobeto ezagutzea eta Ingurumenarekiko adeitasunezko jarrerak garatzea (kontsumo arduratsua, inguruko zuhaitzak, biodibertsitatea eta ura, aztarna ekologikoa eta abar). Eskola-programa hau handitzen doa urterik urtera unitate berriak prestatuz (3 izan ziren iaz); irakasle getxotarrek oso ondo baloratu duten programa da, batez beste bikain bat eman diote, 9,45.

Aipatutako programaz gain, Ingurumen Aretoak hainbat baliabide eskaintzen ditu; edozein pertsonak kontsulta ditzakeenak Aretoko goiko solairuan kokatuta dagoen liburutegi txikiaren bitartez. Liburutegitxo horretan 150 lan inguru aurki daiteke, udalerriko ingurumenari lotutako gaiei buruzkoak; gai orokorragoak ere aurki daitezke. Lan edo izenburu horiek etengabe handitzen dira. Baliabide-zentro honetan bilduta daude, besteak beste, ingurumenean eragina duten gaiei buruzko azterlan eta ebaluaketak, ekintza-planak, fauna eta floraren inbentarioak eta gai orokorragoei buruzko gidaliburuak, nahi duenak kontsultatu ahal dituenak.

Bestalde, mila inguru izan dira Aretora hurbildu diren lagunak aldi baterako erakusketak ezagutzeko edo astebururo dohainik eskaini diren jardueretan parte hartzeko; ehun inguru izan ziren iaz antolatutako ekintzak: helduentzako eta txikientzako tailerrak, ibilbide gidatuak, familientzako jarduerak eta abar. Jarduera horiek ere oso ondo baloratu dituzte erabiltzaileek, bikain bat emanez (9,12). Hala, eskainitako jarduera motaren aniztasuna izan da batez ere oso ondo baloratu dutena.

“Laster bi urte beteko dira Ingurumen Aretoa berriz zabaldu zela eta, aipatutako zenbakiak eta lortutako emaitzak ikusita, esan genezake ahaleginak merezi izan duela (baita ahalegin ekonomikoak ere, urtero 80.000€ inguru zuzendu baitira). Bisitari eta erabiltzaile kopuruaren hazkundea nabarmena izan da, gure Ingurumen Aretora eskola edo hezkuntzaren alorretik etorritakoei ez ezik banaka, familia edo adiskide taldeka etorri diren pertsona askori esker ere”, baloratu du José Luis Landa Ingurumen zinegotziak.

Sare sozialak eta adiskide “kluba”

Jarduera hauek guztiak zabaltzeko Ingurumen Aretoko taldeak gehien erabili duen tresnetako bat sare sozialena izan da. Horiei esker, getxotar askok ez ezik beste herri batzuetako bizilagunek ere modu zuzenean ezagutu ahal dituzte hilabetez hilabete Aretoan programatzen diren askotariko jarduerak; urtean 431 argitalpen baino gehiago egin dira sare sozialetan.

Halaber, 500 bat pertsonak erabaki dute “Ingurumen Aretoaren adiskide” izatea; horregatik, jardueren hileko programazioa jasotzen dute hilabetez hilabete beraien posta elektronikoetan. Adiskidetzaren ekimenera batu nahi duten guztiek Ingurumen Aretora hurbil daitezke nahi duten egunean. Jendearentzat dago zabalik astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 17:30era, eta asteburuetan, 10:00etatik 14:00etara.

Otsaileko programazioa

“Bolueko Esploratzaileak” eta familientzako ibilbide gidatuak dira otsailean Aretoan eskainiko diren jarduera nagusiak. “Bolueko Esploratzaileak” familia eta lagun taldeei zein jende orori zuzendutako ekintza da eta bere helburua hezegunea aztertzea da. Bi larunbatetan egingo da, hilaren 2an eta 23an, 10:00etatik 14:00etara. Beharrezkoa da aurretik izena ematea.

Familientzako ibilbide gidatua, Galeatik Azkorriraino, gure kostaldeko hegaztirik adierazgarrienak ezagutzeko aukera da. Hau ere larunbatean egingo da, hilaren 16an, eta aurrekoan bezala, beharrezkoa da aurretik izena ematea.

Horrez gainera, Aretoan bertan, 6 eta 14 urte bitarteko txikientzako tailerrak antolatuko dira igandeetan, hilaren 3, 10 eta 17an, 10:30etik 13:30era. Hurrenez hurren, tailerren gaiak honako hauek dira: “Intsektuentzako etxea eta intsektuen gida egin”, “Zientzialari bihurtu zaitez” eta “Egin ezazu arrainontzi bat”. Horiekin batera, “Pintxo osasuntsuak” tailerrean familiarekin parte hartzeko aukera izango da hilaren 24an, igandea, 10:30etik 13:30era. Azkenik, hilaren 9an, larunbata, “Familientzako Escape Room: Zaborreta Doktorea” izeneko ekintza egingo da. Bi txanda izango dira, 10:15ean eta 12:15ean. Beharrezkoa da aurretik izena ematea.

Jarduera guztiak dohainik dira eta aurretik izena ematea beharrezkoa den horietan, 688 88 35 96 telefonora deitu beharko da.

 

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +