Ibaiak eta Errekak

Gobela ibaia da Getxo udalerria zeharkatzen duten ibai-ibilguetan nagusia. Hainbat ibaiadarrek ekartzen diote ura, eta horien artean Kandelu eta Bolue nabarmendu behar dira. Azken horretara, aldi berean, Kukuiaga errekak isurtzen du. Horiek guztiak lursail alubialetatik igarotzen dira, larre ta bazkalekuek, baso natural txikiek eta pinu-sailek osatzen duten paisaian barrena. Paisaia hori, tradizionalki, baserriek osatu dute, beren laborantza eta ortuekin. Gaur egun, ordea, hainbat txalet eta gune urbanizatu sartu dira tartean.

Gobela ibaia Barrikako Ganes edo Gana mendian jaiotzen da, eta Sopela zeharkatzen du. Bertan, Santa Marinako harkaitzetatik (Urduliz) datrren Muñarrekolanda erreka lotzen zaio. Gero, Berango eta Getxo zeharkatzen ditu eta beste ibaiadarren isuria hartzen du. Horien artean, Kandelu eta Bolue errekak dira nabarmentzekoak. Ibaian behera eta Ibaizabal-Nerbioi itsasadarrean isuri aurretik, Udondo erreka lotzen zaio Leioan. Guztira 9 kilometro inguru egiten ditu, horietatik 5 Getxo udalerriko lursailetan zehar. Ibai-ibilgu honek gune urbanizatuak zeharkatzen ditu gehienbat, Bolueko hezegunearen ondoko inguru naturala izan ezik. Bertan, ingurua ez da horren antropikoa. Aspaldi, uholde-ibar zabala osatzen zuen modu naturalean, pixkanaka urbanizatu dena. Gaur egun, aldaketa nabarmenak jasan ez dituzten gune txiki batzuk baino ez dira geratzen.

Hala eta guztiz ere, katalogatutako hainbat espeziek bere ibilgua dute lehentasunezko habitat gisa. Horien artean arrain hiruarantza (Gasterosteus aculeatus) nabarmentzen da, oso ugaria dena eta ibaia zeharkatzen duten zubietatik erraz ikus daitekeena. Ibilguan aurki daitezkeen beste arrain-espezie batzuk loinak (Chondostroma miegii), Graellseko barboa (Luciobarbus graellsii) edo Europako aingira (Anguilla anguilla) dira, bai eta zamo arrunta (Cyrinius carpio), zamo txikia (Carassius auratus) eta ganbusia (Gambusia affinis) espezie aloktono inbasoreak ere. Era berean, ibaiertzetik paseatzen, ur-landareen artean ikus daitezke uroilo arrunta (Gallinula chloropus), basahatea (Anas platyrhynchos) nahiz uriolandan handia (Rallus acuaticus). Horiez gain, ibaian ohikoak dira koartzatxo txikia (Egretta garzetta) eta koartza hauskara (Ardea cinerea), bai eta martin arrantzale iheskorra (Alcedo atthis) eta udako lezkari arrunta (Acrocephalus scirpaeus) ere. Narrastiei dagokionez, erraz ikus daitezke apoarmatu korrontezalea (Mauremys leprosa) eta ur-sugeak (Natrix sp.), "askatutako" beste espezie exotiko batzuez gain. Biodibertsitate horri esker, Gobela ibaiak garrantzia handia du; izan ere, aberastasun natural handia txertatzen du hirigunean, eta fauna eta floraren igarobide ekologiko gisa funtzionatzen du.

Bolue edo Larrañazubi errekak izen bereko harana osatu eta zeharkatzen du. Unbeko mendietan jaio eta 5 kilometro inguru egiten ditu Gobela ibaira iritsi aurretik. Bien arteko elkargunean sortzen da Bolueko hezegunea. Udalerri osoan baldintza natural handienak mantentzen dituen erreka da, Kukuiga errekarekin batera, eta aldaketa gutxien jasan dituena. Bere ibaiertzak haltzadi eutrofiko kantauriarren komunitate interesgarriak ditu, bai eta larrez betetako lautadak eta ihidiak ere. Gainera, ondoko mendi-hegaletan, eukalipto eta pinu landaketaz gain, haritzez eta beste espezie autoktono batzuez osatutako baso mistoak daude.

 Kukuiaga errekari dagokionez, ibilgu uharragoa da, eta mehartuago eta itzaltsuago jaisten da 1600 metrotan zehar, Bolue errekarekin bat egin arte. Ura ondo oxigenatuta joaten da ubide horietan, eta kalitate handiagoa du. Horrek beste arrain-espezie batzuk erakartzen ditu, hala nola ezkailuak (Phoxinus phoxinus) edo amuarrain arrunta (Salmo trutta). Halaber, hainbat anfibioren azken gotorlekua da udalerrian, esaterako, arrabioena edo baso-igelena, eta ur-inguruneari lotutako hegazti espezie batzuen azken bikoteek habia egiten dute bertan; adibidez, martin arrantzaleak.

Kandelu erreka ubide txiki bat da, 1500 bat metroko luzera duena. Martiturriko harraskan jaio eta Getxoko Andra Mariko eta Berangoko hainbat landa eta belardi zeharkatzen ditu, harik eta Gobela ibaira isuri arte. Emari txikia izan arren, arrain hiruarantza eta ur-inguruari lotutako beste arrain, anfibio eta hegazti espezieen komunitate interesgarriak dauzka. Urbanizazioaren ondorioz bere ur-bazterra azken urteetan asko aldatu den arren, Galea ingurua eta Gobela ibaiaren beheko guneak lotzen dituen kanala da oraindik.

Getxoko lursailak zeharkatzen dituzten ibai-ubide hauek zeharo garrantzitsuak dira; ez soilik biodibertsitate anitza eta aberatsa dutelako, baizik eta biodibertsitate horren igarobide naturala direlako eta, modu horretan, balio natural horien jarraitutasuna eta elkarren arteko harremana ahalbidetzen dutelako prozesu antropiko ezberdinen eraginez gero eta gehiago aldatzen ari den udalerriaren gune ezberdinen artean. Era berean, ibai-ardatz horien inguruko Korridore Natural baten bitartez, Getxoko landa-eremuetako fauna eta flora hirigunera eta herritarrengana hurbilduko litzateke.

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +