Berriak

“Euskara, gure etorkizuna”

2019/01/24

Udalak seme-alaben matrikulazioa erabakitzerakoan sortzen diren zalantza batzuk argitzeko zazpi bideo labur eskaintzen ditu, “Euskara, gure etorkizuna” lelopean

Euskara gure etorkizuna lelopean, beste urte batez, euskarazko irakaskuntzaren aldeko kanpaina abian jarri du Getxoko Udalak, datorren urtarrilaren 28tik otsailaren 8ra arte, 2 eta 3 urtekoentzat zabalduko den aurre-matrikulazio konpainiari begira. Euskarazko ereduetan ikasteak gurasoengan sortzen dituzten zalantzak argitzeko Udalak aurten zazpi bideo labur eskaintzen ditu, Iñaki Eizmendi pedagogo eta soziolinguistika adituak ematen dituen erantzunekin. Bideoak Getxon Eizmendik emandako hitzaldi-zatiak dira eta gurasoek egindako hurrengo galderei erantzuten diete:

- Dakigun euskara erabili behar dugu?
- Bikotekideak ez daki euskaraz. Zein hizkuntzatan hitz egin behar diegu seme-alabei?
- Etxeko lanekin zelan lagundu?
- Hizkuntza asko ikastea ona da?
- Eskolaz kanpoko ekintzak garrantzitsuak dira?
- Zein hizkuntza eredu aukeratu?
- Egokia da seme-alabei hizkuntza batean baino gehiagotan hitz egitea?

Urtero bezala, aurre-matrikulazioaren eta bideo horien berri emateko eskutitza bidali die Imanol Landa Alkateak udalerriko urte bat, bi eta hiru urteko haurren 1.600 familiari. Horretan Alkateak gogoratzen du B eta D ereduek elebitasuna bermatzen dutela eta horiei esker ikasleek gure bi hizkuntza ofizialetan, euskaraz zein gaztelaniaz hitz egiteko aukera izaten dutela eta, aldi berean, hirugarren edo laugarren hizkuntza errazago ikasteko bidea irekitzen dutela.

Bideoak udal webgunean (www.getxo.eus/euskara) daude ikusgai eta baita udalerriko ikaste-eredukako egungo matrikulazio datuak eta heziketa alorreko baliabide osagarriak ere.

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +