Berriak

Doakotasuna

2018/10/24

Errenta baxuenak dituztenentzako haur eskolak doan izatea

Haurreskolak Partzuergoaren Zuzendaritza Batzordeak, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburua presidente izanik, gai zerrendaren puntu nagusia aztertu du, hau da, hileroko kuotak kudeatzeko araubideari dagokion erabaki proposamena. Beste era batera esanda, gaur egun Haurreskoletako familia erabiltzaileek ordaintzen dituzten kuotak.

Aurkeztutako proposamena Zuzendaritza Batzordeak aho batez onetsi zuen eta aldaketa hauek jasotzen ditu:

  • Haurreskolak Partzuergoaren zerbitzuak doan izatea urteko kuotak 18.000 euro baino gutxiagokoak dituzten familientzat.
  • Haurreskoletan aldi berean matrikulatutako bigarren eta hurrengo anai-arrebentzat doan izatea.

Errenta maila kontuan hartuz ezarritako doakotasunaren onuradunak 500 familia baino gehiago lirateke, hau da, erabiltzaile guztien % 11 inguru. Bestalde, une honetan 77 familiak gutxienez bi seme-alaba matrikulatuta dituzte, eta horiek kuota bakarra ordainduko dute hemendik aurrera (betiere familia osoaren errenta 18.000 euro baino gehiagokoa ez denean).

Era berean, izen-emateko epean ordaindu behar ziren aurretiazko kuotak ezabatu dira. Hemendik aurrera ez dute aurretiaz 91 euro ordaindu beharko familiek.

Neurri horiek guztiak 2019ko urtarrilaren 1ean indarrean jarriko dira, eta une horretatik aurrera matrikulazio berriek eta Haurreskolak Partzuergoaren menpeko haur eskoletako familiek onura horiek jasoko dituzte.

Haurreskolak Partzuergoaren Zuzendaritza Batzordean Eusko Jaurlaritzako arduradunak, Partzuergoaren barneko 178 udalerrietako ordezkaritzak eta Maite Larrañagak, Haurreskolak Partzuergoko kudeatzaileak, parte hartu dute.

Haurreskolak Partzuergoaren zerbitzua

Hezkuntza Sailak eta Haurreskolak Partzuergoak familia eta lan bizitza bateragarriago egiteko neurrien aldeko apustua egiten dute. Neurriok, halaber, Euskadin jaiotza tasa handitzea sustatzeko Eusko Jaurlaritzak bultzatu dituen beste ekimen batzuen osagarri dira. Hezkuntza Sailaren iritziko, Haurreskolak Partzuergoak eskaintzen duen zerbitzua lagungarri da,neurri handian, familia-kontziliazio hobea lortzeko, eta horregatik eusten dio ahalik eta familia kopuru handienarengana iristeko borondateari.

Arrazoi horrekin, Haurreskolak Partzuergoak publizitate kanpaina bat bultzatu du berriki, aldian-aldian errepikatuko den kanpaina. Partzuergoarentzat garrantzitsua baita familiek eskaintzen duen kalitatezko zerbitzua ezagutzea. Gaur egun, 178 udalerri daude Haurreskolak Partzuergoan, eta udalerri horietan 236 haur eskolak ematen diete zerbitzua familiei.

Esta web utiliza cookies, puedes ver nuestra política de cookies, aquí Si continuas navegando estás aceptándola
Política de cookies +